


Bilboko Txakolina
MAHASTIAK
Bodega
Munetaberri txakolinaren historia familia baten sustraiak eta oroitzapenak berreskuratzearekin lotutako historia da, aitona-amonei egindako omenaldia.
Muneta baserria Arraiz mendiaren magalean dago, eta baserri hori da gaur egungo jabeen arbasoen sortetxea.
Mende honen hasieran berreskuratu eta konpondu zuten baserria, eta txakolindegi bihurtu. Mahastiak Bilbo hiritik oso gertu daude, eta mundu osoko mahasti urbano bakarrenetako bat dela esan dezakegu. Izan ere, Munetaberri baserritik Guggenheim museora 20 minutu baino ez daude.
Kontraste handia aurki daiteke gure ingurunean: alde batetik, diseinuaren eta arkitekturaren hiriburuko bizimodu sutsuaren eta, bestetik, gure mahastiek ematen duten bakearen arteko kontraste interesgarria. Berezitasun hori izan da gure markaren jatorriaren eta ibilbidearen bereizgarri, Bizkaiko hiriburuarekin loturik betiere.
Lur ezin hobea dugu, orientazio onarekin, eta Hondarribi Zuri mahats barietate autoktonoaren alde egin genuen; bi faktore horiei esker, Munetaberri Txakoliña Bilboko txakolina izatera iritsi da. Etiketa bera eta irudi korporatiboa dira horren adierazgarri, San Antongo zubia eta eliza agertzen baitira.
Lurra
Arraiz mendia itsas mailatik 361 metroko altueran dago, eta mendiaren magalean daude gure mahastiak.
Bilboko hegoaldeko lurretan dago, kareharrizko eta burdinazko osagaiak dituen lurretan; osaera hori dela eta, gure ardoak lurzoru emankorrari dagozkion ezaugarriak hartzen ditu, eta landatutako barietateei potentzial enologiko handiena atera diezaiekegu

Klima
Gure mahastiak klima atlantikoan hazten dira. Giro heze eta epela da, eta argiaren eta intsolazioaren maila txikiak izaten dira, hodeien eta kondentsazioaren eraginez.
Plubiometria 1.000-1.300 mm izaten da, eta euri gehien neguan, udaberrian eta udazkenaren zati batean egiten du.
Hain zuzen, urtaro horretan, udazkenaren hasieran, lehen borraska atlantikoak Iberiar penintsulara hurbiltzen dira eta hego-mendebaldeko haizeak eragiten dituzte, haize heze eta epelak. Isurialde atlantikoaren iparraldean —gu gauden tokian, alegia—, haize horien ondorioz klima lehorra eta epela izaten da Föehn efektuaren eraginez, eta mahatsa umotzeko baldintza perfektuak sortzen dira, mahats-biltzearen aurretik.
Udan, tenperatura epela izaten da, Kantauri itsasoak tenperatura erregulatzen duelako.

Gure mahatsak
Proiektuaren hasiera-hasieratik, Hondarribi Zuri barietate autoktonoaren alde egin genuen. Klima eta lurzoru honetara ezin hobeki egokitzen den mahatsa da, nortasun berezia eta potentzial enologiko handia duena.
Azken urteotan, Kontseilu Arautzailearen arauei jarraikiz betiere, eta ardo mota gehiago eskaini ahal izatearren, beste barietate batzuk landatu ditugu: Hondarribi Zuri Zerratia, Hondarribi Beltza eta Riesling.

Hondarribi Zuri: Mahats-mordo trinkoak eta txikiak ematen ditu, berandu eman ere, eta baiak anbar kolorekoak dira, esferikoak. Hosto handiak eta errendimendu txikia duen barietatea izaki, mahastiak besora jarrita egoten dira. Mahatsa urriaren erdialdera biltzen da. Barietate honekin egiten diren ardoak arinak, oso freskoak eta aromatikoak izaten dira. Hori hits berdekara kolorea izaten dute, eta intentsitate aromatiko bizi eta finekoak dira: zitrikoak eta oroitzapen belarkara zabalak.

Hondarribi Zuri Zerratia: Barietate honen mahats-mordoa txikia eta itxia da, trinkoa. Karga aromatiko handikoa, loreen usaina frutarenari gailentzen zaio, dotore eta fin. Ahoan, oreka eta ukitu mingots atsegina uzten du, batik bat, amaieran. Petit Courbu ere esaten zaio.

Riesling: Barietate honek indar ertaina du, eta umotzealdi ertain-berantiarrekoa da. Mahats-mordoak txikiak eta trinkoak izaten dira. Baiak esferikoak dira, zanpatu antzerakoak, tamaina ertain-txikia izaten dute, kolore berde-horia eta azalaren lodiera ere ertaina da. Muztioan, azukre-maila ertain-handia da eta azidotasun-indize ertaina ematen du. Usain freskoak dituzten ardoak ematen ditu, oraindik gazteak direnean erraz bereizteko modukoak, lehorrak, fruta eta lore usainekoak.

Hondarribi Beltza: Barietate hau goiz ernetzen da (loraldia maiatzaren amaieratik ekainaren hasierara bitarte gertatzen da) eta berandu umotu (urriaren erdialdean). Mahats-mordo ertainak ematen ditu, txikiak eta trinkoak. Mahatsaren azala lodia da, urdin belzkara kolorekoa. Egitura ona baina alkohol graduazio txikia duten ardoak ematen ditu. Azidotasun-mailak taninoak konpentsatzen ditu. Intentsitate aromatiko handia du, eta tonu belarkarak. Upeletan ontzeko egokia da.
GURE TXAKOLINA

Gure langintza
Munduko mahasti urbano bakarrenetako bat izatea erantzukizun gehigarria da guretzat, geure ardoa egiteko garaian. Bestalde, berezitasun hori lagungarri izan zitzaigun guk nahi genuen ikuspuntu egokia aurkitzeko. Gure filosofia jasangarritasunean oinarritzen da, txakolina egiteko prozesuan tradizioari eusten diogu eta lurra errespetatzen dugu, lurzoruari ahalik eta etekin handiena ateratzearren. Faktore horietaz gain, hautatutako mahats barietateei esker eta ekoizpen osoa geure mahastietan egiten dugunez, nortasun nabarmena eta kalitate bikaina duten ardoak egin ditzakegu.
Fitxa teknikoa
Dastatze notak
Itxura: hori urrekara hitsa, distira berdekara eta zilarkarekin. Arina kopan, garbia eta distiratsua.
Aroma: frankoa, garbia, intentsitate aromatiko ona duena, fruta zuri onduak, zitrikoak, eta lore eta belar hondoa.
Zaporea: edakera zabala, bizia, frutakara, orekatua da, iraunkorra bukaera zetatsu eta apur bat gazia duela, eta zapore atsegin eta freskoa uzten du ahoan.
Egiteko modua: Hondarribi Zuri barietateak beratzealdi luzea izaten du hartzitu aurretik, mahatsari potentzial guztia erauzi ahal izateko; mahatsa ongi ondua egoten da, osasun-egoera ezin hobean.
Presio txikiak erabilita prentsatzen da, eta ontzi-aldaketa bidez garbitu ostean, muztioa 14ºC-eko tenperaturan hartzitzen da, 21 egunean.
Hartzidura amaitutakoan, txakolinari hainbat ontzi-aldaketa egiten zaizkio naturalki garbitzearren; horren ondoren, argitu eta hotzetan egonkortzen da.
Gure upeletan hilabeteko atsedenaldia egin ostean, txakolina iragazi eta botilaratu egiten da, atmosfera geldoan.
Barietateen osaera: % 100 Hondarribi Zuri
Alkohol gradua: % 13 bol.
Edateko tenperatura: 9º C.
JASANGARRITASUNA
Konpromiso sendoa dugu ingurumenarekin. Horren adierazgarri, Munetaberri Txakolinak Bilboko Udalaren “Karbono gutxiko estrategia baterantz Bilbon” programan parte hartzen du, eta horregatik agertzen da zigilua gure botila guztietan. Gizartearen eta ingurumenaren aldetik, kudeaketa arduratsua lortzeko lan egiten dugu.

JATORRI IZENDAPENA
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historikoetako bat da, Kantauri Itsasoak bustitako kostalde zabala duena.
Industria-garapen handia jasan duen gunea da, eta bertan nekazari eta abeltzain talde batek egindako esfortzuari esker lortu da nekazaritzak aurrera egitea. Izan ere, kolektibo horrek lan handia egin du laborantza tradizionala mantentzeko eta haren kalitatea aitortzeko.
Ardoa izan da produktu tradizional eta berezi horietako bat, eta gaur egun ere bada: «TXAKOLINA».
Gure txakolinak itzal handiko iragana bizi izan zuen, garaiko gizartean zein ekonomian eragin garrantzitsua baitzuen. Hala ere, XIX. mendearen amaieran beheraldi geldoa pairatu zuen eta, horren ondorioz, egoera erabat aldatu zen.
Laurogeiko hamarkadaren hasieran upeltegien hainbat jabe Bizkaiko Txakolingile Elkartearen (BIALTXA-ren) inguruan biltzen hasi ziren eta, EAEko administrazioaren laguntzarekin (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia), ardo ezin hobe eta berezi hau berreskuratzeari ekin zioten.
Esfortzu eta lankidetza horri esker jaio zen 1994. urtean «Chacolí de Bizkaia-Bizkaiko Txakolina» jatorri-izendapena.
Jatorri-izendapen horrek antzinako ardo hau ezagutaraztea, baloratzea eta babestea du helburu, barietate autoktonoen mahastizaintza atlantikoari eta enotekniari esker garatutako ardoa baita, geure baserrietan egindako lan onaren emaitza. Bizkaiko Txakolina jatorri-izendapenaren Kontseilu Arautzailea arduratzen da izendapenari atxikitako upeltegietan egiten diren ardoak benetakoak direla egiaztatzeaz eta zaintzeaz.

KONTAKTUA
Gurekin harremanetan jartzeko hainbat bide dituzu: posta arrunta, posta elektronikoa, telefonoa edo harremanetan jartzeko formularioa.
Arraiz Bidea, 76
Bilbao (Bizkaia)
C.P. 48002
+34 674 13 69 04
FORMULARIO DE CONTACTO
2016/679 (EB) ERREGELAMENDUAK, EUROPAKO PARLAMENTUAREN ETA KONTSEILUARENAK, 2016ko apirilaren 27koak, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituenak (RGPDak) agintzen duenaren arabera, hurrengoa jakinarazten da, enpresa arduraduna den MUNETABERRI-k, IZO B-95282778, Arraiz Bidea, 76 – Bilbao (Bizkaia) helbidea, 674 13 69 04 telefono zenbakia eta comercial@munetaberri.com helbide elektronikoa duena, harremanetarako formularioaren bitartez jasotako datuekin honako erabilera egingo duela:
Helburua: Zuen eskaerei arreta eta erantzun egokia ematea; eta, kasua denean, gurekin mantentzen dituzuen negozio, merkataritza, kontratu, administrazio edo bestelako harremanak kudeatzea eta dagokion informazioa bidaltzea. Datu pertsonalak gorde egingo dira esandako harremanek irauten duten bitartean, eta harremana bukatu ezkero, legeak adierazten duen epea bete arte edo interesdunak ezerezteko eskatzen duen arte.
Legitimazioa: Gurekin mantentzen duzuen harremanen garapena, betetzea eta kontrolatzea; eta gainontzeko helburuentzako, interesdunaren adostasuna.
Hartzaileak: Ez zaizkie gainontzekoei datuak lagako, salbu eta horretarako lege-eginbeharra badago edo gurekin mantentzen duzuen harremanaren garapen, betetze edo kontrolak berez badakar gainontzekoen tratamenduekiko konexioa.
Eskubideak: Interesdunak irispen eskubidea dauka bere datu pertsonalen gainean, datu pertsonal okerrak zuzentzeko eskatzeko eskubidea, edo, kasua bada, ezerezteko eskubidea, datuak jaso ziren helburuetarako beharrezkoak ez direnean, adibidez. Baldintza batzuetan, interesdunak bere datu pertsonalen tratamenduari aurka egiteko eskubidea edo tratamendua mugatzeko eskubidea izango du. Kasu hauetan, datuak erreklamazioak formulatzeko, egikaritzeko edo aldezteko baino ez dira kontserbatuko. Interesdunak aipatutako eskubide hauek enpresarekin idatziz kontaktuan jarriz egikaritu ahal izango ditu, bai postaz zein helbide elektronikoa erabiliz, enpresak eskabidea aurkezteko emango dizkion modelo edo formularioak erabilita.